Confebasken ustez, premiazkoa da demografiaren eta kualifikazioaren erronka bikoitzari kolektiboki erantzutea, eragin handia baitu enpresa sarean eta euskal gizartearen ongizatean

21-07-2021
Beharrezkoa da demografiaren erronkari emandako erantzuna herrialdearen Agendan sartzea, eraldaketa digitala eta klimatikoa jada sartuta dauden bezala. Azken 20 urtean, Euskadin lanerako adinean dauden herritarren kopurua 92.000 pertsonatan murriztu da; mendeko biztanleen artean – gehienak erretiratuak –, berriz, ia 200.000 lagun gehiago dira. 2050erako aurreikuspenen arabera, lan kontratuduna duen biztanleria beste 220.000 pertsonatan murriztuko da, eta mendekoak guztien ia erdiak izango dira. Belaunaldi erreleboaz gain, ezinbestekoa izango da enplegurako prestakuntza eredu propio batean sakontzea, produkziorako gaitasun berrietan langileek behar duten kualifikazioa eta birkualifikazioa errazteko, herrialde gisa atzean geratu nahi ez badugu. Koiunturari dagokionez, Confebaskek uste du oraindik bidea dagoela krisia behin betiko gainditzeko, baina badirudi okerrena igarota dagoela. Euskal enpresek epe laburrera dituzten kezka nagusien artean nabarmentzen dira Espainiako eta nazioarteko ekonomia ahula dela oraindik, salmenten errentagarritasunaren jaitsiera, lan kostu handiak, energia, lehengaiak eta garraioa azkar eta biziki garestitzea, eta produktu jakin batzuez hornitzeko arazoak. Europako funtsak enpresara, oro har, eta enpresa txiki eta ertainetara, bereziki, nola iritsiko diren ere kezka iturri dira.

Euskal enpresen tamaina handitzeko joera areagotu egin da

01-07-2021
Confebaskeko Newsletterraren azken zenbakian, ‘enpresa dimentsioari’ buruzkoan, zehazten den bezala, euskal enpresen batez besteko tamaina etengabe ari da hazten 2015etik, eta 2020an, 5,99 langilekoa izan da, 2019an baino 0,20 langile gehiago. Urtebetean izandako igoerarik handiena da, gutxienez 2008tik. Izan ere, urte horretatik aurrera, euskal enpresaren batez besteko tamaina % 17,2 handitu da: 5,11 langiletik 5,99 langilerako jauzia. Hazkunde horren ondorioz, 2008az geroztik, enpresa ertain eta handiek EAEko konpainia guztien gainetik jarri dute euren pisua, bai kopuruari dagokionez (2008an %1,10 ziren, eta 2020an %1,32), bai eta, batez ere, lan egiten duten pertsonen ehunekoari dagokionez ere.

“Gure gazteen heziketa enplegua dagoen lekurantz bideratzea bultzatu behar da”

16-06-2021
“Gure gazteei ematen zaien prestakuntzaren orientazioak kezkatzen gaitu, izan ere, Euskadin, sektore batzuetan beste batzuetan baino lan aukera hobeak daude, eta, hala ere, ezin ditugu erakarri”. Horrela mintzatu da gaur goizean Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari nagusia Urduliz Dorrean (Bizkaia), Deia egunkariak eta Telefonicak antolatutako ‘Eraldaketa digitala eta enplegurako aukera berriak’ jardunaldian. Eduardo Aretxagak esan duenez, “pandemiaren aurretik ere sumatzen genuen eremu digitalaren gorakada. Baina ez dugu lortzen gazteak jarduera adar horretara erakartzea, hain zuzen ere, lan baldintza, garapen profesional eta abar onenak eskaintzen dituen jarduera adarrera. Beraz, beharrezkoa da horrelako sektoreetara bideratutako hezkuntza orientazioa sustatzea, hor baitago Euskadin enpleguaren zati handi bat ".

Confebask, Adegi, Hetel eta Politeknika Txorierri 'Global Training' beken kudeaketari ekin dio berriro, plaza gehiago eskainiz eta adin muga handituta

07-06-2021
Confebask, Adegi. Hetel eta Politeknika Txorierri aliantzak indarberrituta ekin dio berriro Global Training beken kudeaketari, LHko goi mailetan eta Unibertsitatean titulatutako euskal gazteek praktikak egin ahal izan ditzaten atzerriko enpresetan. Besteak beste, Europan, Hego Amerikan eta Asian. Aurreko urteetan ez bezala, oraingoan 31 urte arteko tituludunentzat dira. Gutxienez 6 hilabeteko iraupena dute, hilean 1.500 €-ko zenbatekoarekin onuradunarentzat, eta bekak eskatzeko epea ekainaren 14an hasi eta uztailaren 16an amaituko da.

Euskadiko enpresen kopurua 318 hazi da apirilean, azken bost urteetako daturik onena

18-05-2021
Confebasken azken txostenean irakur daitekeenez (ikusi hemen), Gizarte Segurantzan inskribatutako euskal enpresen kopurua 318 enpresarekin hazi zen apirilean. Oraindik pandemiaren aurretik (2020ko otsaila) baino 1.189 enpresa gutxiago dauden arren (-2%), apiril baterako hazkunderik handiena da 2016tik. Guztira, Euskadin apirilaren amaieran erregistratutako enpresen kopurua 57.704ra iritsi da. Orain arte, pandemiaren zatirik gogorrenean galdutako konpainien %44 berreskuratu dira. Estatuan batez beste gertatzen ari denarekin alderatuta, Euskadin enpresen kopuruaren murrizketa txikiagoa izaten ari da, -%2, eta estatuan -%3.