Kode etikoa

35 urte baino gehiago igaro dira 1983an CONFEBASK eratu zenetik. Hiru hamarkada horietan, erakunde patronalak harrotasunez bete du Euskadiren egituratze sozial, ekonomiko eta instituzionalean oinarrizkoa eta lehentasunezkoa den funtzio bat, aurrerapen orokorrari eraginkortasunez lagunduz. Izan ere, enpresa erakundeen sendotzea eta garapena ezin berezi daitezke gizartearen eta instituzio demokratikoen garapenetik.

Garai zail eta asalduraz beteak astindu dute enpresarien eguneroko bizimodua; hala ere, euskal gizartean izan duten erantzukizun eta inplikazioari esker, eta estu heldu gaituzten erronka ugari eta konplikatuei erantzuteko erakutsi duten gaitasunari esker, CONFEBASKek bere eskubidez hartu du instituzio egituratzailearen izaera.

Denbora tarte horretan CONFEBASKek merezimendu osoz jaso duen ospea, halatan, Konfederazioaren bermea eta aurkezpen gutuna bilakatu da. Izan ere, erakundeak bere aktibo onentzat jotzen du ospe hori, jakinik erakundearen barne nahiz kanpo harremanak goitik behera baldintzatzen dituen ezin ukituzko funtsezko baliabide bat dela. Ospe ona izatea mesedegarria da bazkideen konfiantza eta leialtasuna geureganatzeko, giza baliabiderik onenak erakarri eta mantentzeko, solaskideekiko harremanak lubrifikatu eta fidagarri egiteko, erabakiak gatazkarik gabe hartu eta aplikatzeko, lana arinago antolatzeko, etab. Ospe txarrak, berriz, aipatu dugun guztia zapuzten du, eta erakundearen funtzionamendua eta xedea distortsionatzen.

Ondorioz, CONFEBASKen lehentasunezko helburua da ospe hori defendatu eta hobetzea, jakinik horretarako zimendu sendo eta indartsuak jarri behar direla.

Handia da oso CONFEBASKek, enpresa erakunde gisa, ordezkatzen duenaren tamaina; hori dela eta, Konstituzioak funtzio bat aitortzen dio eragile sozial gisa, eta funtzio horretatik sozialki oso garrantzitsuak diren zereginak ondorioztatzen dira. Ardura eta konpromiso bereziz hartzen du CONFEBASKek bere gain euskal enpresarien ordezkatze gaitasun hori, horrek berekin dakartzan oihartzunen sakonaren jakitun.

Egiteko garrantzitsu horri zor zaion errespetua kontuan harturik, erakundearen portaerak garbi-garbia behar du.

Hortik dator, hain zuzen ere, erakundearen jardueran jarraitu beharreko balioak argi eta ondo xehaturik jasoko dituen kode etiko baten behar sentitua. Azken finean, kontua da ondo adieraztea zein diren erakundeak bere gain hartzen dituen konpromiso eta erantzukizun etikoak, eta, ondorioz, jarduera profesionalean izan beharreko jokaeraren ildo nagusiak.