Noticias

Confebaskek Lanbide Heziketaren Europako Astearen ospakizuna baliatu eta, bigarren urtez jarraian, kanpaina bat abiarazi du Euskadiko gazteak Erasmus + programan are gehiago parte hartzera animatzeko

12-12-2017
Confebaskek kanpaina berezi bat abiarazi du gaur Lanbide Heziketako euskal ikasleen eta irakasleen kolektiboa animatzeko eta bultzatzeko Europako Erasmus+ Programan parte hartzeko. Beka sistema bat da, Europako enpresetan praktikak egiteko, eta Confebaskek orain dela 20 urtetik kudeatzen du; dagoeneko LH sistemako 2.000 ikasle baino gehiago baliatu dira deialdiaz, eta, ondorioz, lagundu egin dute Europan Euskadi erreferente bihurtzen, baita ikasleen mugikortasunaren arloan ere. 2017/18 ikasturte honetan, Confebaskek beste 75 beka inguru emango ditu LHko ikasleentzat, atzerriko herrialdeetan, esaterako, Erresuma Batuan, Austrian, Italian, Portugalen eta Frantzian, prestakuntza osa dezaten.

Euskal enpresen errentagarritasun ekonomikoa erdira baino gehiagora erori da krisian, bereziki 10 langile baino gutxiago dutenen artean

11-12-2017
Enpresa Dimentsioari buruz Confebaskek egindako azken buletinean erakusten denez, euskal enpresa ez finantzarioen errentagarritasun ekonomikoa %58,3 murriztu da 2007 eta 2014 bitartean, hau da 4,2 puntu jaitsi da, 2007ko %7,2tik 2014ko %3ra. Eta, jaitsiera horretan, murrizketarik handiena mikroenpresetan gertatu da, euren errentagarritasuna 2007an baino %64,7 gutxiago baita. 2014an, enpresa ez finantzarioen errentagarritasun ekonomikoa %3koa zen, baina mikroenpresek, urte hartan %2,4ko errentagarritasun ekonomikoa izan zuten, 10-49 langile zituzten enpresek (%3,7) eta 50 langile baino gehiagoko enpresek (%3,1) baino askoz gutxiago. Egoera hori, gainera, etengabe gertatzen da urtez urte, eta, ondorioz, errealitate estruktural bat da.

Cepymek omenaldia egin die euskal enpresariei, Confebasken bitartez, 40 urte baino gehiagoan terrorismoari aurre egiteagatik.

04-12-2017
Bere hitzaldian Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañagak gogoratu duenez, “soilik Euskadin 50 enpresari edo zuzendari inguru hil zituzten, beste 50 bahitu zituzten, eta milaka batzuek nozitu zituzten mehatxuak eta xantaiak. Eta denbora horretan guztian kolektibo enpresariala isilik bizi izan zen, askotan bakarrik, gure gizartearen zati baten bazterketa, estigmatizazioa eta seinalamendua sufrituz. Halere – jarraitu du–, Bilboko Euskalduna Jauregian egin berri dugun Memoria eta Aitortza ekitaldian egin genuen bezala, “gaur eta hemen, gogoratu behar dugu, mehatxuaren eta estortsioaren aurrean, minaren eta bazterketaren aurrean, euskal enpresarien zatirik handienak lanean jarraitu zuela bere enpresetan, gure herrietan eta bere etxeetan biziz, euren senideekin.

Confebask, Global Training programa aitortzeko ekitaldian

04-12-2017
Confebaskeko Prestakuntza departamentuak aurten Global Training programan parte hartuko duten gazteei errekonozimendua aitortzeko ekitaldi batean parte hartu du. Global Training eta Nazioartekotze programa beka programa bat da, eta Arantxa Tapiak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak deitzen du. Confebaskek partzuergo batean kudeatzen ditu bekak, eta horren kide dira baita ere ADEGI, HETEL eta Txorierri zentroa. Aurten, 60 gazte graduatuk atzerriko enpresetan egingo dituzte praktikak, Confebasken partaidetza duen partzuergoari esker, eta, horrenbestez, espezializazioa eta ondoren lanean hasteko aukerak bereganatuko dituzte.

Roberto Larrañaga: “Lankidetza da euskal Lanbide Heziketaren arrakastaren eta Europan duen aitortzaren gakoa, eta eredu horretan Confebask protagonista garbia da”

30-11-2017
Beste urte batez, Bilboko Euskalduna Jauregia izan da Euskadiko Lanbide Heziketaren “urteko jaiaren” eszenatokia, izan ere, leku berera bildu dira Eusko Jaurlaritza, enpresak, lanbide heziketako zentroak , tutore eta instruktoreak eta 2016-2017 ikasturtean LH titulua, ohiko modalitatean zein LH Dual modalitate ezagunean, eskuratu duten 11.000 gazte ingururen ordezkaritza zabal bat. Kontua da, aurten, ekitaldia Lanbide Heziketaren Europako Bigarren Astearen barruan egin dela; Europar Batzordeak antolatzen du aste hori, “Discover your talent-Aurkitu zure talentua” leloaren pean, lanbide heziketa goratzeko eta hainbat eragileri ezagutarazteko, esaterako, enpresei, familiei, ikasleei, etab. Horretaz aparte, ohiko formatuan, ikasle guztiek –10.786– “Lantokietako Prestakuntza” izeneko modulu praktiko bat (FCT) egin behar izan dute, derrigor, joan den urtean programa honetan parte hartu zuten 8.092 euskal enpresetako batean.