2018rako, CONFEBASKek aurreikusten du euskal ekonomia %2,9 haztea, Gizarte Segurantzan 18.000 afiliatu berri egotea eta langabezi tasa %8raino murriztea.

  • Confebasken 2017/2018 Koiuntura Txostena
COYUNTURA CONFEBASK

 Eduardo Aretxaga eta Roberto Larrañaga prentsaurrekoan

Aurkeztu berri den Koiuntura Ekonomikoaren txostenean, Confebaskek 2018rako aurreikusi du euskal ekonomia %2,9 haziko dela, 2017an baino hamarren bat gutxiago besterik ez, eta, 2014az geroztik lehen aldiz, Espainiako ekonomiaren aurreikuspenaren gainetik (%2,6).  Gainera, 2018an, euskal ekonomiak berriro ere enplegua sortu eta langabezia murriztuko du; eta 2017koen antzeko zifratan egingo du.

Ildo horretan, 2018rako, Confebaskek aurreikusi du 18.000 afiliatu berri egongo direla Gizarte Segurantzan,  eta langabezi tasa (Eustat) %8raino jaitsiko dela, 2009tik egondako baxueneraino. Erritmo horri eutsiz gero, 2019an Euskadik krisiaren aurreko enplegu mailan koka liteke.

Kontsumo pribatua, ekipo ondasunetako inbertsio enpresariala eta industria dira euskal ekonomiaren motor nagusiak datorren urterako.

Aldeko aurreikuspenak

Datorren urterako aurreikuspen positiboen oinarrian euskal enpresek datozen hilabeteetarako dituzten aldeko aurreikuspenak daude. Confebaskeko erakunde kideek egindako inkestek diotenez, epe labur eta ertainera, euskal enpresa gehienek egonkor edo handitzeko bidean ikusten dute euren merkatua,  salmentak handitzea espero dute, eskariak gero eta gehiago dira, finantzaketa hobetuko da, eta inbertsio gehiago egitea espero dutenen portzentajea ere handitzen da.

Horrenbestez, oro har, euskal enpresek aurreikusten dute 2018an langile taldeak handituko dituztela, 2017aren pare.

Kezkak

 Edonola ere, inkesta horiek beraiek nabarmentzen dute orain euskal enpresen kezka nagusia errentagarritasuna jaistea dela, baita langile kualifikatuak aurkitzeko arazoak ere. Faktore hori handitu da gehien azken hilabeteetan euskal enpresen kezken eskalan.

Gainera, arduratzeko motibo dira baita ere euroaren kotizazioa, lehengaien presioa edo Espainiako ekonomiaren ahultasunaren arriskua; dena dela ere,  faktore horiek ez dira aurrekoak bezain kezkagarriak.

2017

Amaitzear ari den urteari dagokionez, berriz, Confebaskek kalkulatzen du euskal ekonomiak %3ko hazkundearekin itxiko duela 2017a, zehazki, orain dela urtebete bat aurreikusitako baino puntu erdi gehiagorekin, eta uztailean jada aurreratu zuenarekin bat. Jarraian hazkunde ekonomikoko laugarren urtea izango da, barne eskariaren indarrari esker –bereziki kontsumo pribatuari eta ekipo ondasunetan enpresek egin duten inbertsioari esker–, eta zerbitzuen sektorearen (bereziki merkataritza eta turismoa) eta euskal industriaren portaerari esker, izan ere, 2017. urtean baino moderatuago bada ere,  2018an berriro ere nabarmen haziko da, azken hilabeteetan Europan inbertsioa izaten ari den susperraldiaren ondorioz.

Gainera, euskal esportazioen martxa onak inportazioetan petrolioaren igoeragatik gertatu den garestitzea konpentsatu ahal izan du:  2010 eta 2016 artean, euskal enpresa esportatzaileen kopurua bikoiztu egin da.

 

Enplegua eta kontratu mugagabeak

Horri guztiari esker, 2017an, Euskadin enpresen kopurua gelditu egin den arren, enpleguaren sorreraren eta langabeziaren murrizketaren erritmoa ongi mantendu da, Gizarte Segurantzako afiliazio berriak 20.000 izan baitira, iazko abenduarekin alderatuta, eta urtearen amaieran langabezi tasa %10 inguru izango baita. 2017an, dagoeneko, berreskuratu egin ditugu krisian zehar galdutako 117.000 enpleguetatik 80.000, hau da, guztizkoaren %68.

 

Alderdi erantsi garrantzitsu batekin: 2017an Euskadin 74.000 kontratu mugagabe sinatuko dira gutxi gorabehera, zifrarik altuena 2007tik, eta krisiaren aurretik sinatzen zirenen antzeko zifrarekin. 2013tik, Euskadin 300.000 kontratu mugagabe baino gehiago izenpetu dira, eta, bigarren urtez jarraian, 2017an, kontratazio finkoa  aldi baterakoa baino erritmo biziagoan hazi da: %12’8 eta %3’4, hurrenez hurren. Adierazle horrek oso argi erakusten du, susperraldia finkatzen den heinean, euskal enpresek sortzen duten enpleguak kalitatea irabazten duela.

 

Soldatak, gatazkak eta pertzepzio soziala

Soldatei dagokienez, 2017an indarrean zeuden hitzarmenetako soldaten batez besteko hazkundea %1,44 izan da, zifrarik altuena 2012tik. Eta aurten itundutako hitzarmenen soldaten hazkundea, berriz,  %1,61 izan da, hau da, Confebask behin eta berriz esaten ari den bezala, susperraldiarekin batera, soldatak ere jada igotzen ari dira.

Beraz, Euskadi da berriro ere batez besteko soldatarik altuenak dituen lehen erkidego autonomoa (2.200 euro hileko), Madrilgo Erkidegoaren gainetik (2.142). Gainerako erkidegoak hileko 2.000 euroko langatik behera geratzen dira, INEren azken inkestaren arabera.

Greba kopuruari dagokionez, bigarren urtez jarraian, 2017an gatazkak ugaritu egin dira, baina oso kontzentratuta itundutako zerbitzu publikoetan, grebagatik galdutako 3 lanegunetik 2 izan baitira. Gainera, eta goranzko joera gorabehera, 2017ko gatazkak azken 15 urteetako batez besteko gatazken heren bat izan dira.

Horrez gain, euskal herritar gehienek argi hautematen dute susperraldi ekonomikoa. Alegia, Eusko jaurlaritzaren azken Soziometroaren arabera, biztanleen %64k (3 herritarretik ia 2) uste dute egoera ekonomikoa “ona”edo “oso ona” dela, krisiaren aurreko oso antzeko portzentajearekin, kontrakoa uste dutenen kopurua halako bi. 2018tik lehen aldiz lortu da horrelako emaitzarik.

 

Diskurtsoak eta erronkak

Komunikabideen aurrean egin duen agerraldian, bai Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañagak bai zuzendari nagusi Eduardo Aretxagak ere berriro azpimarratu dute garrantzitsua dela hobetzen jarraitzea, eta hainbat erronkari erantzutea, “ekonomiaren eta enpleguaren egungo susperraldia indartzeko”.

Erronken artean daude:

  • enpresen lehiakortasuna bultzatzeko eta enpresa proiektu berriak sortzen laguntzeko erreformak eta planak;  
  • egungo egonkortasun politiko eta instituzionala segurtatzea, funtsezkoa baita konfiantza sortzeko;  
  • gai izango diren eta prestakuntza egokia izango dute pertsonak edukitzea, euskal produkzio sarearen beharrekin bat eginda;
  •  eta lan harreman kolaboratiboak lortzea enpresaren parte hartzaileen artean, proiektu partekatuaren, hau da, enpresaren, bideragarritasunean laguntzeko eta, ondorioz, enpleguaren, kalitatearen eta egonkortasunaren susperraldia azkartzeko.

Txostena ikusi