“Enplegu mailarik onenean gaude 2008ko urritik, krisiaren aurreko maximoetan ia”

  • Confebaskeko Pablo Martinek ekaineko langabeziari eta okupazioari buruzko datuak baloratu ditu
lanbide

2019-07-02

EAEko RNEn eta Euroa Pressen egindako adierazpenetan, Confebaskeko Ekonomiako arduradun Pablo Martinek azpimarratu duenez, “langabeziaren eta okupazioaren  datuak benetan onak dira. Euskadin, ekainaren 30ean, orain dela urte bat baino 9.142 langabe gutxiago zeuden, %7’6 gutxiago, eta horrek esan nahi du jaitsieraren erritmoa estatuko batez bestekoarena baino biziagoa dela, estatuan langabeziak 12 hilabetean %4’6 egin baitu atzera”.

Gainera, langabeziaren jaitsiera horrekin batera, enplegu asko sortu da. Pablo Martinek nabarmendu duenez, “ekainean Euskadin 4.130 lagun gehiago afiliatu dira aurreko hilabetearekin alderatuta. Eta fokua 12 hilabetera zabaltzen badugu, okupazioa Euskadin ia 20.000 lagunekin hazi da. Horrenbestez, enpleguaren zifrarik onenetan gaude 2008ko urritik, eta krisiaren aurreko maximoetan gaude ia”.

Halaber, Confebaskeko Ekonomiako arduradunak gogorarazi duenez, “enplegua sektore guztietan igo da, batez ere industrian, 1.426 afiliatu gehiagorekin, hau da, igoera aipagarria eta, zalantzarik gabe, albiste ona”.

Kontratu motari dagokionez, behin-behinekoak gehiago murriztu dira behin betikoak baino, %2 eta %1’3. “Eta kontuan hartu behar da, gainera – amaitu du Pablo Martinek –, 2018 historiko batekin ari garela konparatzen behin betiko kontratazioari dagokionez”.