Euskal enpresen errentagarritasun ekonomikoa erdira baino gehiagora erori da krisian, bereziki 10 langile baino gutxiago dutenen artean

  • Confebasken Newsletter berria Enpresa Dimentsioari buruz, Uvesco Taldeko zuzendari nagusi Jose Ramon Fernandez de Barrenari egindako elkarrizketa batekin
 
 
dimensión empresarial

Enpresa Dimentsioari buruz Confebaskek egindako azken buletinean erakusten denez, euskal enpresa ez finantzarioen errentagarritasun ekonomikoa %58,3 murriztu da 2007 eta 2014 bitartean, hau da 4,2 puntu jaitsi da, 2007ko %7,2tik 2014ko %3ra. Eta, jaitsiera horretan, murrizketarik handiena mikroenpresetan gertatu da, euren errentagarritasuna 2007an baino %64,7 gutxiago baita.

2014an, enpresa ez finantzarioen errentagarritasun ekonomikoa %3koa zen, baina mikroenpresek, urte hartan %2,4ko errentagarritasun ekonomikoa izan zuten, 10-49 langile zituzten enpresek (%3,7) eta 50 langile baino gehiagoko enpresek (%3,1) baino askoz gutxiago. Egoera hori, gainera, etengabe gertatzen da urtez urte, eta, ondorioz, errealitate estruktural bat da.

Datu horrez gain, Confebasken Enpresa Dimentsioaren Newsletterraren azken zenbakian elkarrizketa bat irakur daiteke Uvesco Taldeko zuzendari nagusi Jose Ramon Fernandez de Barrenarekin; enpresa talde hori hazi egin da azken urteetan, eta 4.000 enplegatuko zifrara iritsi da. Fernandez de Barrenak nabarmendu duenez, “haztea gure ADNaren parte da, kokapen lehiakorra hobetzea ahalbidetzen dizu, eta erosteko baldintza hobeak lortzea, beste sinergia batzuekin”. Elkarrizketan, Uvescoko zuzendari nagusiak bere giltzarrietako batzuk aztertzen ditu “arrakastaz hazteko” eta enpresaren hazkundeari laguntzeko.

Azkenik, Newsletterrak beste zifra batzuk ere ematen ditu, deialdiak eta albiste interesgarriak Euskadiko enpresen dimentsioari buruz.