Euskal enpresek 100.000 enplegu aukera eskainiko dituzte 2018-2020 aldian, horietatik 30.000 baino gehiago 2018 honetan bertan bete beharrekoak.

CONFEBASKek eta ADEGI, CEBEK eta SEA bere elkarte kideek Euskadiko Enpresen Enplegu eta Kualifikazio Beharrei buruz egindako bigarren azterketa

Presentación encuesta
  • Euskal enpresek 2020ra arte bete beharko dituzten 100.000 enpleguetatik, 30.000 belaunaldi erreleboagatik izango dira, eta 70.000 jarduera handiagoa aurreikusten delako
  • Enpresen eta beraien Enpresa Erakundeen nahia da enplegurako aukera horiek batez ere emakumeei hurbiltzea, enpresek gehien eskatzen dituzten adar industrial eta teknikoetan laneratzea sustatuz eta bultzatuz
  • 2018 honetan eskainiko diren 30.000 lanpostuetatik, ia erdiak lanaldi osoko kontratu mugagabeekin beteko dira
  • Azterketak agerian jartzen du, halaber, 10 euskal enpresatik 7k diotela gero eta arazo gehiago dutela beharrezko profil profesionala duten langileak kontratatzeko
  • Euskadin aurten eta datozen urteetan egongo diren Enplegu eta Kualifikazio Beharrei buruzko bigarren azterketaren emaitzak dira, non agerian jartzen den euskal enpresen konpromisoa aberastasuna, enplegua eta gizarte ongizatea sortzeko  

Atarikoa

Lehendakaritzan lehen azterketa aurkeztu eta bi urte geroago, Konfebaskek eta Adegi,  Cebek eta  Sea bere elkarte kideek azterketa berri bat aurkeztu diote Iñigo Urkullu lehendakariari, euskal enpresen enplegu eta kualifikazio beharrei buruz, Lehendakaritzan egindako lan bilera batean, bertan izan direlarik Hezkuntza sailburua - Cristina Uriarte - , Enplegu eta Gizarte Politiketakoa - Beatriz Artolazabal - eta  Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretakoa - Arantxa Tapia -. Aurkezpenean agerian jarri da Confebaskek eta bere elkarte kideek Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzeko duten borondate irmoa, Euskadin enplegua hobetzeko eta, horrenbestez, lortzeko ez dadila bete gabeko lanposturik egon.

Confebaskeko presidente Roberto Larrañagak, Adegiko presidente Pello Guibelalderekin, Cebekeko presidente Iñaki Garcinuñorekin eta Seako presidente Pascal Gomezekin batera, zehatz aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzaren goi mailako ordezkaritzari azterketaren ondorioak, horien artean nabarmenduz, 2018 honetarako, euskal enpresek 30.425 lanpostu bete beharko dituztela, horietatik ia erdiak - 14.587 - lanaldi osoko mugagabeak izanik.

Euskal enpresek eskaintzen dituzten lanpostuak, 2018-2020 aldirako, guztira 100.000 enplegu aukera izango dira, gazteei, gizonei zein emakumeei zuzenduta, baina emakumeen presentzia bultzatzeko asmo erantsiarekin, batez ere adar industrial eta teknikoetan.

Enplegu aukerak 2018rako

Azterketan zehazten denez, euskal enpresen ia erdiek (%45) euren lantaldea handitzea aurreikusten dute 2018rako, 216an lortu zen baino askoz portzentaje handiagoa (%26).

Euskal enpresek aurten eskatuko dituzten lanpostu guztietatik (30.425), %70 (21.525) ekitaldian aurreikusten den hazkunde ekonomikoagatik eta jarduera handiagoagatik izango dira; eta ia beste  9.000 gehiago (8.900) belaunaldien erreleboagatik edo lantaldeen erretiroak ordezteagatik.

Tipologia eta profil profesionalak

Aurtengo aurreikusitako lanpostu guztietatik (30.425), ia erdiak (%47’9) lanaldi osoko kontratu mugagabeekin beteko dira (14.587), eta %1,8 (548) mugagabeak izango dira baita ere, baina lanaldi partzialarekin. Gainerako enpleguak obra edo zerbitzu kontratukoak, praktiketakoak, behin-behinekoak eta prestakuntza edo ikasketakoak izango dira.

Gehien eskatzen diren prestakuntza profilei dagokienez, ia erdiak (%48’2) Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetakoak dira (15.000 inguru), eta ondoren daude unibertsitatekoak (%28,1), ia 9.000. Bi profilen artean (LH eta Unibertsitatea), aurtengo aurreikusi den lanpostu eskaeraren %76 dira, hau da, eskainitako 4 enplegutik 3.

Lanbide Heziketan, lau adar profesionalek eskaeraren %69 betetzen dute: fabrikazio mekanikoa, elektrizitatea eta elektronika, instalazioa eta mantentzea eta informatika eta telekomunikazioak. Guztira, 10.142 okupazio lau jarduera adar horietan, pisua irabazi dutelarik 2016an egindako azterketarekin alderatuta.

Unibertsitatean, ingeniaritzak (informatikakoa barne) eskatzen dira orain 2016an baino gehiago, eta 2018an kontratatzea espero diren unibertsitarioen %60 dira; guztira, euskal enpresek aurten 5.200 ingeniari baino gehiago beharko dituzte.

Hain zuzen ere, STEM esaten zaien adarrak dira (Ingeniaritza, Zientzia, Teknologia eta Matematikak) euskal enpresak gehien eskatzen dituenak (%67), eskaria 6 puntu baino gehiago igo delarik orain dela bi urtekoarekin alderatuta.

Eskatutako jarrerak eta balioak

Berriro ere, aurreko azterketarekin bat eginda, kontratatzeko orduan enpresak gehien baloratzen dituen lehentasunezko alderdiak dira hautagaiaren jarrera, prestasuna eta interesa, eta ondoren daude prestakuntza eta aurreko lan esperientzia; adina edo kontratatzeko laguntzak, ordea, inkestatutako hamar enpresatik batentzat dira garrantzitsuak.

Lau konpainiatik batentzat hizkuntzak jakitea lehentasunezkoa da (%26), eta pisu erlatibo pixka bat irabazi du duela bi urte aurkeztutako azterketarekiko.

2018 honetarako, euskal enpresa gehien-gehienek baloratzen dute hautagaia pertsona arduratsua izatea, lanerako gaitasunarekin, polibalentea eta etengabe egokitzeko gaitasunarekin, baita ere proaktiboa izatea eta lanerako jarrera positiboa izatea.

Kontratatzeko arazoak

Azkenik, euskal enpresek diote gero eta arazo gehiago dutela behar duten profila duten gizon-emakumeak kontratatzeko. Ildo horretan, deigarria da horrelako arazoak dituztela dioten enpresen portzentajearen hazkundea.

Aurreko azterketan - 2016 - enpresen erdiek baino gutxiagok adierazi zuten kontratatzeko arazoak zituztela (%48), baina 2018an portzentajea %71raino igo da, hau da, 10 enpresatik 7rentzat kezkagarria da.

Kausa nagusien artean dago prestakuntza edo espezializazio falta, esperientzia falta, edo jarrera, prestasun edo interes falta. Egoera horietako lehenengoan (prestakuntza berezia ez izatea), kontratatzeko arazoen artean faktore hori aipatzen duten enpresen portzentajea ia %60raino iristen da. Esperientziari eta jarrerari buruz, berriz, portzentajeak %40 gainditzen du.

Faktore horrek - euskal enpresek kontratatzeko hauteman dituzten arazoak - garrantzi berezia hartzen du gaur egungo testuinguruan, 2018-2020 aldirako Euskadin aurreikusi den enplegu eskaera 100.000 lanpostukoa izango baita.

Ekarpen sozio-enpresariala

Finean, gaur Lehendakaritzan aurkeztu den Euskal Enpresen Enplegu eta Kualifikazio Beharrei buruzko bigarren Azterketak agerian jartzen du Euskadiko enpresen konpromisoa eta aberastasuna, enplegua eta ongizatea sortzen egiten duten ekarpena.

Euskal gizarteak oso aldeko hautematen du konpromiso hori, Eusko Jaurlaritzaren azken Soziometroak erakutsi zuenez, horren arabera, euskal biztanleen %71rentzat positiboa edo oso positiboa da euskal enpresariek gizarteari egiten dioten ekarpena.

Confebask, Adegi, Cebek eta Seak azpimarratu egiten dute enpresa gehiagok enplegu, oparotasun eta ongizate gehiago esan nahi duela, eta, ondorioz, berretsi egiten dute Euskadiko bokazio enpresarialak finkatzeko eta berriak sortzeko bultzada indartu egin behar dela.

IKUSI AZTERKETA OSOA