EAEko industriak hamar urtean ia erdira murriztu ditu atmosferara igortzen dituen gas kutsatzaileak

  • Confebaskek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin dihardu gaur inauguratu eta datorren ostiralean amaituko den klima aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentzian
Cumbre clima

Confebaskeko presidente Roberto Larrañaga, lehenengo lerroan, Iñigo Urkullu lehendakariaren diskurtsoa jarraitzen

2019-03-06

Gaur goizean inauguratu da Donostian “Change the ChangeKlima Aldaketari buruzko nazioarteko konferentzia, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak antolatuta – ingurumen kudeaketarako Ihobe sozietate publikoaren bitartez–, Confebasken lankidetzarekin. Bilkura Iñigo Urkullu lehendakariak eta Espainiako gobernuko Pedro Sanchez presidenteak inauguratu dute gaur goizean.

Klima aldaketaren aurka borrokatzeak eta ingurumenaren hobekuntzak enpresentzat eta, oro har, gizartearentzat dakartzan onura lehiakorrak aprobetxatzeak duen garrantziaz ohartuta, inaugurazioan Confebasken ordezkaritza bat izan da, bere presidente Roberto Larrañaga buru zelarik.

Nazioarteko topaketa garrantzitsu horrekin batera “2018ko Euskadiko Ingurumen Profila . Klima Aldaketa” argitaratu berri da, zeina Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenok aurkeztu baitu. Txostenean jasotzen denez, 2005etik 2016ra bitartean, Euskadiko industriak %46 murriztu ditu berotegi efektuko gas (BEG) kutsatzaileen atmosferarako igorpenak. Sektoreka, ondoren datoz Nekazaritza (- %40) eta Zerbitzuak (- %33). Horrenbestez, Euskadik gaur egun Europa osoko BEG igorpenen %0,5 baino ez du egiten.

 

Aukera eta egindako ahalegina

 

Confebasken iritziz, ingurumenaren hobekuntza aukera lehiakora da euskal enpresentzat. Izan ere, EAEko ekonomiak gaur egun orain dela 30 urte baino bi aldiz gehiago ekoizten du produktu eta zerbitzuetan, eta askoz gutxiago erasaten dio ingurumenari, azken hamarkadetan enpresek egindako ahaleginari eta administrazio publikoek garatutako laguntza politikei esker.

Confebaskeko arloko arduradun Amaia López Iriondok behin eta berriz nabarmendu duenez, “azken 30 urteotan Euskadi Europako gune degradatuenetako bat izatetik nazioarte erreferentzia izatera igaro da ingurumena lehengoratzeari dagokionez. Arlo horretan Euskadik izan duen eraldaketa, seguruenik, gizarte moduan aldi horretan izan dugun prozesu bizi eta arrakastatsuenekoa izan da”.

Goizeko inaugurazio saioan parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko ministro Teresa Riberok, Iberdrolako lehendakari Ignacio Galanek eta London School of Economics-eko Klima Aldaketari eta Ingurumenari buruzko Grantham Ikerketa Institutuko Nicholas Sternek.

Gipuzkoako hiriburuak martxoaren 6tik 8ra hartuko du hitzordua, beroketa globalaren inguruan urteko zitarik garrantzitsuenetakoa izanik. Nazioarteko lehen mailako hizlariek gogoeta egitera eta irtenbideak bilatzera gonbidatzen duten bitartean, EAEko 49 herri eta hiri inplikatu egingo dira, martxoaren 10era arte, ia ehun ekintza egiteko, publiko guztiengana iristeko.

Guztira 86 egitasmo garatuko dira: 37 Araban, 26 Bizkaian eta 23 Gipuzkoan. Gainera, hurrengo astean beste 6 ekintza egingo dira, martxoaren 11tik 17ra; ondorioz, guztira 92 egitasmo garatuko dira klima aldaketaren aurka.