Hiru euskal enpresa, Iberdrola, AB Laboratorios de Biotecnología eta Energy Revival SL saritu dituzte Europako Ingurumen sariekin Espainiako sekzioan

  • 5 sarietatik 3 lortu dituzte, euskal enpresek Ingurumenaren eta berrikuntzaren alde duten konpromiso irmoaren erakusle
logo premios europeos

Sariak bi urtean behin deitzen ditu Europar Batzordeak, eta bere helburua da jardueraren bideragarritasun ekonomikoa eta ingurumenaren babesa arrakastaz uztartzen dituzten konpainiak aitortzea eta saritzea. Europak estatu espainolean banatzen dituen 5 sarietatik hiru euskal enpresetara etorri dira: Iberdrola, AB Laboratorios de Biotecnología eta Energy Revival SL. Gainera, Euskadiko beste konpainia batzuek ere accesitak lortu dituzte: Sistemas Urbanos Drenaje Sostenible SL; EKolber Ingenieria del Caucho y Plástico de Colágeno SL; eta Ekonek, Innovación en Valoración de Subproductos SL. Guztira, Europako sarien Espainiako sekziora aurkeztu diren hautagaien %30 euskal enpresak dira.

Estatu mailako sariak eman aurretik, Euskadiko 23 etxek aurkeztua zuten beren hautagaitza Europak Ingurumen Sarietako (European Awards for the Environment) 2018ko Enpresarentzat Euskadin deitzen duen deialdi berezira. Izan ere, IHOBEko zuzendari Jesus Losadak gogorarazi duenez, gaur egun, Euskadi da erkidego autonomo bakarra Europako lehiaketa horren esparruan sari bereziak deitzen dituena. Eta euskal enpresek egiten duten apustua aitortzeko egiten du, prozesu, produktu, zerbitzu eta kudeaketa eredu jasangarriagoak lortzeko bidean. 2001ean egin zen lehen deialditik, ehun euskal enpresak baino gehiagok aurkeztu dute hautagaitza, eta Espainiako sekzioko sarien %25 lortu dituzte, Europako sari bat lortzeaz gain, produktuaren kategorian.

Confebaskeko Arloko zuzendari Jon Bilbaok nabarmendu duenez, “horrek guztiak erakusten du Euskadiko erakunde publikoek eta, bereziki, enpresa sareak, ahalegin eta konpromiso handia dutela berrikuntzaren eta teknologiaren arloetan soluzioak bilatzeko - legea betetzetik harantzago -, ingurumenaren eta garapen  jasangarriaren mesedetan”.

Berez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak ere, gogoratu zuenez, “2000. urtetik,euskal BPGa %26 hazi den bitartean, materialen kontsumoa % 25 murriztu da; eta zabortegian amaitzen duten hiri hondakinen bolumena ere %56 jaitsi da”.