EAEn 10.974 pertsonarekin igo da langabezia, inoiz erregistratu gabeko igoerarik handienean

  • Lanbiden langabeziari buruz martxoan erregistratutako datuak
Lanbide

2020-04-02

Espero zen bezala, Lanbideko bulegoetan erregistratutako langabezia 10.974 lagunekin igo da, inoiz erregistratu gabeko igoerarik handiena izanik, eta otsailean baino %9,4 gehiago izan da, estatuan izandako antzeko zifran (%9,3).

2019ko martxoarekin alderatuta, 10.261 langabe gehiago daude, %8,7 gehiago, zifra hori antzekoa delarik estatuan erregistratu denarekin alderatuta (+%9). 2013ko azaroaz geroztik gertatu den urtearteko lehenengo igoera izan da.

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, halaber, datuak oso txarrak dira. Aurreko hilabetearekin alderatuta (otsaila), EAEko afiliazioan 5.764 lagun gutxiago zeuden. Sektoreka, EAEn sektore guztietan jaitsi da, lehen sektorean izan ezik, hor igoera txiki bat egon baita. Afiliazioari dagokionez, horrek esan nahi du serie historikoa guztian martxorik okerrena izan dela. Horri buruz, dena dela, EAEn izandako -%0,6ko jaitsiera estatuan izandakoa baino txikiagoa izan da, hor -%1,3koa izan baita.

Edonola ere, urtearteko terminoetan, martxo honetako afiliazioa aurreko urteko hilabetean zegoenarekin alderatuta, EAEko afiliazioa oraindik ere positibo mantentzen da, orain dela hamabi hilabete baino 7.113 afiliatu gehiagorekin (+%0,7); estatuan, ordea, ez dago horrelako balantzerik, afiliazioaren urtearteko jaitsiera -%0,2koa izan baita.

Ondorioz, kontuan hartuta martxoaren lehenengo zatia normal samar joan zela, apirilerako espero da EAEko Gizarte Segurantzako langabeziaren eta afiliazioen datuek are okerragora egingo dutela.

Ondorengo hilabeteetako bilakaerak harreman zuzena izango du konfinamendu neurrien iraupenarekin eta ekoizpen jardueren murrizketarekin.  Argi dagoena da zenbat eta gehiago luzatu murrizketen egoerak, hainbat eta gehiago anplifikatuko dela lan merkatuan daukan eragina, bai zenbatekoetan, bai inpaktuen iraupenean.