Langabezia jaitsi egin da industrian eta eraikuntzan eta zerbitzuetan igo egin da Gabonetako kanpainaren ondoren

  • Confebaskeko Pablo Martinek nabarmendu duenez, langabezia hazi arren, “serie honetako bigarren urtarrilik onenean gaude”.
Lanbide

2019-02-04

Urtarrilean Lanbiden erregistratu eta Lan Ministerioak jakinarazitako langabeziaren datuen arabera, Euskadin langabezian izena emandako lagunen kopurua 1.076 pertsonarekin hazi da aurreko hilabetearekin alderatuta (%0,90), nahiz eta orain dela urte bateko urtarrilarekin alderatuta, Euskadin 7.576 lagun gutxiago daude langabezian (-%5,90).

Datuei erreparatuta, Euskadi da, Balearren ondoren, urtarrilean erregistratutako langabezia gutxien igo den erkidego autonomoa. Eta bertan galdu du Gizarte Segurantzako afiliazioak kotizatzaile gutxien, estatuko batez bestekoarekin konparatuta.

Zifrei dagokienez, nabarmentzen da Euskadin langabeen igoera soilik zerbitzuen sektoreari dagokiola, urtarrilean mila lagun baino gehiago gehitu baitira Lanbideko zerrendetara. Aitzitik, Industriak eta Eraikuntzak langabe kopuruaren jaitsiera aipagarria erakusten dute.

Horrenbestez, Confebaskeko Ekonomiako arduradun Pablo Martinek gogorarazi duenez, “urtarrilak inoiz ez du datu onik uzten lan merkatuarentzat, Gabonetako kanpaina amaitzen delako, eta hori, logikoa denez, lan merkatuan islatzen da, langabeziaren igoerarekin eta enpleguaren jaitsierarekin. Halere - nabarmendu du -, serieko bigarren urtarrilik onenaren aurrean gaude, langabeen igoera nahiko kontrolatua baita, eta afiliazioaren jaitsierak ohi baino magnitude txikiagoa izan baitu”.

Horrez gain, Pablo Martinek azpimarratu du “beste hilabete batez kontratazio mugagabearen igoera berresten dela: hazkundearen erritmoak aldi baterako kontratazioaren igoeraren portzentajea bikoiztu du. Kontratuen %9,2 mugagabeak dira, hau da, urtarrilerako daturik onena da 2009tik. Beraz, azken urteotako joera finkatzen ari da, kontratazio mugagabeak aldi baterakoa gainditzeari dagokionez”.