Lehendakariak Confebaskeko Batzorde Exekutiboa hartu du Kontseilu Nagusiaren saioaren ondoren, Eduardo Zubiaurre presidente berri duela

  • Bilera Lehendakaritzan egin da
lehendakari confebask

2019-07-30

Iñigo Urkullu lehendakariak Confebaskeko Batzorde Exekutiboa hartu du gaur goizean, Lehendakaritzaren egoitzan, elkarteko presidente berria, Eduardo Zubiaurre, buru zela. Zubiaurrek uztailaren 18an hartu zuen ofizialki Roberto Larrañagaren lekukoa, zeina karguan egon den azken lau urteotan. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, lehendakariaz gain, bileran parte hartu du Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturako Arantxa Tapia sailburuak.

Bileran, Roberto Larrañagak, orain arte Confebaskeko presidente izan denak, pertsonalki esan dio agur lehendakariari, hitz hauen bidez: “Eskerrik asko zure hurbiltasunagatik; horri esker, elkarrekin lan egin ahal izan baitugu hainbat gairi buruz: enplegua, prestakuntza, etab. Nire ustez, hori guztia garrantzitsua izan da nola euskal enpresentzat, hala gure herriko garapen ekonomiko eta sozialerako”.

Gerora, Confebaskeko oraingo presidente Eduardo Zubiaurrek hartu du hitza, eta Euskadiko hazkunde eta enpleguari buruzko azken aurreikuspen ekonomikoak aurkeztu dizkie lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzako gainerako partaideei, euskal enpresa Konfederazioak epe labur eta ertainera darabiltzan azken kalkuluen arabera. 2019 honetarako, Confebaskek aurreikusten du BPGa %2,5 inguru haziko dela, eta Gizarte Segurantzan 14.000 afiliatu berri egongo direla.

Lehendakariarekin izandako bileran, Confebaskek, halaber, gaurkotasun ekonomiko eta enpresarialari buruzko beste gai batzuen inguruan duen iritzia ere jakinarazi du.