“Egunetik egunera gero eta zailagoa da iragarpenak egitea, baina esperantza mantentzen dugu aurten euskal ekonomia gutxi gorabehera aurreikusitako jokalekuan ibiliko dela”

  • Confebaskeko lehendakariaren hitzaldia Deustu Ex Alumniren ekitaldi batean Donostian
Eduardo Zubiaurre

Eduardo Zubiaurre, presidente de Confebask

2020-03-10

Gaur goizean Donostiako Londres hotelean egindako ekitaldi batean, Deustuko Ex Aluminik antolatuta, Confebaskeko lehendakari Eduardo Zubiaurrek gogorarazi duenez, “koronabirusaren krisiak ustekabean eta indarrez sartu da urtearen hasieran. Eta egia da hainbat aste daramagula albisteak jasotzen, ia egunero, panorama errotik aldatuko dela mehatxatuz.

Bizitzen ari garenak inpaktu globala edukiko du, eta, beraz, baita gure ekonomian ere… baina oraindik goizegi da kaltearen maila zehatza ebaluatzeko. Egunetik egunera gero eta zailagoa da iragarpenak egitea –jarraitu du–. Eta, hala eta guztiz ere, oraindik nahiago dugu jardueraren dezelerazioa –ez atzeraldia–  deskribatzen duen jokalekuan kokatu, batez ere lehen hiruhileko honetan kontzentratuta. Krisiaren une honetan, oraindik ez dugulako daturik kontrakoa adierazten duenik; ondorioz, esperantza mantentzen dugu aurten euskal ekonomia gutxi gorabehera aurreikusitako jokalekuan ibiliko dela. Beharbada hamarrenen bat kenduta urtearen hasieran aurreikusten genuen %1,9ari, baina oraindik ere enplegua sortzen jarraitzeko behar besteko hazkundearekin”.

Eduardo Zubiaurrek gogorarazi duenez, “gure aldetik, Confebasketik, gure bazkideekin batera Adegi, Cebek eta Sea – egiten ari garena da jarraipen batzorde bat sortzea, iristen diren datuak eta gure enpresetan izan ditzaketen inpaktuak aztertzeko. Eta, gainera, harreman etengabea dugu Eusko Jaurlaritzarekin, gerta daitezkeen inguruabarren arabera zer neurri har ditzakegun aztertzeko”.

 

Erronkak

Gainerakoan, Confebaskeko lehendakariak euskal ekonomiak epe ertainera dituen hainbat erronka aztertu ditu hitzaldian: “2020 honetatik haratago, koronabirusa pasatu egingo da. Eta 2021erako eta hurrengo urteetarako espero dugu beste gauza batez hitz egiten aritzea, horien artean aurre egin beharko diegun lau erronka saihestezin egonik, ekonomia lehiakorra izaten jarraitzeko eta, ondorioz, daukagun gizarte garatua izaten jarraitzeko”.  

Erronka horien artean aipatu ditu “mundu global batean benetako erraldoien aurka lehiatu beharra, errentagarritasun egokiarekin, hori gure kezka nagusietako bat bihurtzen ari baita”. Gainera, Eduardo Zubiaurrek mintzagai izan ditu 4.0 industriaranzko beharrezko ‘trantsizio justua’, erronka demografikoa eta talentuaren kudeaketa, ekonomia jasangarri bateranzko eboluzioa eta, azkenik, enpresaburuen eta enpresen errekonozimendu sozialerantz aurrera egin beharra, aberastasuna, enplegua eta gizarte ongizatea sortzen duten heinean.

 “Uste dugu horretan oraindik hobetzeko tarte handia dagoela. Ez badugu enpresaburuen lana aitortzen, arriskua dugu Euskadiko bokazio enpresarialak indargabetzeko, eta azkenean atzean geratzeko orain disfrutatzen ari garen garapen ekonomiko eta sozialean”.