Negoziatzeko borondatea

Jon Bilbao, Confebaskeko Juridiko eta Lan arloko zuzendaria

Jon Bilbao de Confebask

2017ko urtarrileko Lanbidearteko Akordioak itxaropen orokortuak sorrarazi zituen, baita enpresetako sinatzaileen artean ere. Lehendabizi, 15 urte baino gehiagoan sindikatu maioritarioarekin izenpetutako lehen sektorearteko akordioa izan zelako, eta, bigarrenik, negoziazio esparru jakin baten babesa sinatzen duenak hori mantentzeko eta garatzeko borondatea duela erakusten duelako.

Aitzitik, hortik aurrera, aurreikusten genuen gure hitzarmenak berritzea ez zela zeregin erraza izango, sindikalismo maioritarioak jarrera aldatzea eragin beharko zuelako, eta ez zegoen horren inguruko segurtasunik. Eta asmatu egin genuen. Urtebete bat igaro eta gero, zantzu guztiek diote ELAk akordio hura sinatzearen helburua zela kritikak arintzea, lan harremanei dagokienez esparru autonomikoaren aitzingidari nagusia izandakoak esparru batzuk galdu zituelako, hitzarmenak berritzeko lana serio hartu gabe. Horrenbestez, ez da harritzekoa orduan sortu zen itxaropenak huts egin izana.

Esan ohi da egoeren erantzukizuna partekatua izaten dela. Daitekeena da. Baina, jakina, ez da zati berdinetan partekatzen.  Oihartzun urria izan badu ere, ez gara nekatuko esaten 2017an zehar aurreko urteetako dinamika errepikatu dela: Confebaski atxikitako erakundeek parte hartzen duten hitzarmenetan, gehiengo sindikala CCOOren eta UGTren esku zegoen guneetan hitzarmen guztiak sinatu dira, salbuespenik gabe. Hori da Arabako hitzarmen sektorial guztien egoera. Hitzarmenak lan askoren ondorioz sinatu dira, negoziazio luze eta gogorren ondorioz, baina azkenean bi aldeentzat mesedegarriak diren akordioak lortu dira: langileentzat eta enpresentzat.

Baina solaskide sindikala aldatzen denean, adostasuna zail bihurtzen da, edo, zuzenean, ezinezko. Hori gertatu da askotan Bizkaian, eta bereziki Gipuzkoan, non ELAk eta LABek osatzen duten gehiengoa ia hegemonikoa den.  Finean, gertaerek argi erakusten dute norberaren erantzukizuna.

Eragile sindikalen rolaren ondorioz agertzen den egoerari gehitu behar zaio hitzarmenak berritzeko fasea nozitzen ari den zailtasun estrukturala, batez ere hitzarmen sektorialetan, zeinetan kultura eta planteamendu klasiko eta tradizionalak mantendu nahi diren, mundua aldatu egin den arren eta asko eta erritmo bizian aldatzen jarraitzen duen arren.

Negoziazio mahaian aurkitzen ditugun planteamenduetako asko oparotasun ekonomikoko garaietan egiten ziren berberak dira, 2007-2008 urteetakoa berberak, harrezkero inoiz ezagutu dugun krisirik luze eta gogorrena nozitu ez bagenu bezala, zeinaren ondorioz mundua eta enpresak guztiz ingurune desberdin batean kokatu behar izan diren. Biziraun duten enpresek ahalegin ikaragarria egin behar izan dute egokitzeko, modu masiboan teknologia barneratuz eta egokituz, gaur egun dagoen merkatu bakarrean lehiatu ahal izateko: merkatu globalean.

Eraldaketa horrek antolamenduaren ahalegin izugarria eskatu du: adibidez, Euskadin ekoizten dugun hiru eurotik bat munduko merkatuak sortzeraino. Egokitzea lortu ez dutenak desagertu egin dira; ia 8.000 enpresa, hara.

Ezinezkoa da eraldaketa horrek enpresaren alderdi guztiei eragitea baina lan egiteko moduari ez eragitea. Hori, zuzenean, ezinezkoa baita.  Gure hitzarmen sektorialen testu gehienak orain dela hamarkada batzuk idatzi ziren, eta, kasu askotan, erresistentziak aurkitzen ditugu inolako zentzurik ez duten klausulak aldatzeko, eta, horrez gain,  araudien aldaketen bitartez sartu nahi izan diren malgutasun marjinak deuseztatu nahi dira, etengabeko aldaketei egokitzeko beharrari erantzun nahi dietelarik.

Ondorioz, hitzarmenak berritzen ditugunean enpresen eta lanpostuen biziraupena daukagu jokoan. Edo gai gara gaur egungo munduan jarduteko baldintzak eta bitartekoak eskuratzeko, edo jai izango dugu. Hori bai, orain dela urte bateko sinadurarekin bezala, akordioak lortzen ditugun bakoitzean tresna bat izango dugu, Lanbidearteko Akordioa, Euskadin adostu duguna babesteko. Baina, jakina, horretarako borondatea behar da, ez gatazkak sortzeko, baizik eta irtenbideak bilatzeko, bizitzea egokitu zaigun uneak planteatzen dizkigun erronkei aurre egiteko.