2021. urte amaieran, 58.145 enpresa daude Euskadin; alegia, duela urtebete baino 623 enpresa gehiago, baina oraindik pandemia aurreko erregistrora iritsi ezinik

13-01-2022
Confebaskeko azken newsletterrean (ikus hemen) zehazten den bezala, 2021eko azken balantzeak adierazten du Gizarte Segurantzan inskribatutako euskal enpresen kopurua 58.145 izatera iritsi zela. Aurreko ekitaldian baino 623 gehiago dira, baina, hala ere, oraindik pandemia aurreko erregistrora iritsi gabe (2020ko otsaila), Euskadin ia 59.000 enpresa baitzeuden inskribatuta garai hartan. Joan den abenduan, orduan baino 748 enpresa gutxiago zeuden erregistratuta Euskadin (-%1,3). 2020ko apirilean ezarritako minimotik, galdutako enpresa guztien %64 lehengoratu dira.

Lehendakariak Confebaskeko Batzorde Exekutiboaren ordezkari batzuei egin die harrera

13-01-2022
Iñigo Urkullu lehendakariak Confebaskeko Batzorde Exekutiboaren ordezkari batzuei egin die harrera gaur goizean Lehendakaritzan. Hauek dira, zehazki, joan diren ordezkariak: Eduardo Zubiaurre presidentea; Eduardo Aretxaga zuzendari nagusia; kide diren erakundeetako lehendakariak (Adegi –Eduardo Junkera–, Cebek –Carolina Perez Toledo– eta Sea Empresas Alavesas –Pascal Gomez–); Confebaskeko lehendakariordeak (Isabel Busto, Asis Canales eta Juan Antonio Sanchez Cordero), bai eta Lurralde Erakundeetako zuzendari eta idazkari nagusiak ere (Jose Miguel Ayerza, Francisco Javier Azpiazu eta Juan Ugarte). Bilera horretan, Confebaskeko ordezkariek Euskadiren egungo ekonomia eta enpresa egoera laburbildu diote lehendakariari, eta hasi berri den urteari begira dituzten igurikapenen berri eman diote.

Confebaskek %5,9ko hazkundea eta enpleguaren maximo historikoa izateko aukera aurreikusten ditu 2022rako

29-12-2021
Confebasken aurreikuspenen arabera, euskal ekonomia %5,9 haziko da datorren urterako, eta hori nahikoa izango da pandemia aurreko BPGaren maila berreskuratzeko. Nola nahi ere, iaz bezala, arrisku faktoreen bilakaerak – pandemia, energia eta enpresen kostuak, inflazioa edo mundu mailako hornidurarik eza – alde batera edo bestera eraman dezakete aurreikuspen hori, eta, azkenean, daitekeena da euskal ekonomiaren hazkundea %4 eta %7 arteko urkilan mugitzea. Enpleguari dagokionez, Confebaskek espero du 2022 ere urte positiboa izango dela. Eta, horrela, langabezia tasa %8ra jaitsiko da Euskadin, pandemiaren aurretik zegoen mailatik behera, eta Gizarte Segurantzako 25.000 afiliazio berri egongo direla uste da. Aurreikuspen hori betez gero, Euskadiko enpleguaren maximo historiko berri baten aurrean egongo ginateke, milioi bat kotizatzaile baino gehiagorekin.

“Euskadin, enpresak eta lanbide heziketako sistema proiektu komunaren, lankidetzaren eta konfiantzaren adibide gara”

24-11-2021
Eduardo Zubiaurre Confebaskeko lehendakariak Euskal Enpresa&LH ohiko urteko ekitaldian gaur goizean azpimarratu duenez, “2020-2021 azken ikasturte honetan bakarrik, 14.000 gaztek baino gehiagok lortu dute Lanbide Heziketako titulua Euskadin, derrigorrezko praktikak amaitu ondoren. Eta, gainera, bereziki azpimarragarria da euskal LH dualaren gero eta garrantzi handiagoa”. “2012az geroztik – urte hartan jarri zen martxan egungo eredu duala – 13.000 gazte inguru prestatu dira horretan, 7.000 enpresa baino gehiagotan. Eta Euskadin ezaugarri bereizgarri garrantzitsu bat dugu: enpresaren konturako ordainsaria. Gure lanbide heziketa dualaren ezaugarri bereizgarria, eta euskal enpresak bere gazteen prestakuntzarekin eta enplegagarritasunarekin duen konpromisoaren adibidea”.

“Herrialdearekin dugun enpresa konpromisoa berresten dugu eta ongizate kolektiboari egiten diogun ekarpena erreibindikatzen dugu”

23-11-2021
Eusko Jaurlaritzak, Confebaskeko erakunde kideek – Adegi, Cebek eta Sea – eta Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioak proposatuta, Korta sariak eman dizkie aurten ere beren ibilbide pertsonal eta profesionalagatik nabarmentzen diren enpresariei. Oraingo edizioko saridunak izan dira Fernando Salamero (Sea Arabako enpresek proposatua), Victoria Cañas (Cebekek proposatuta, Inaxio Uria (hil ondoren eta Adegik proposatuta); eta Gurutz Linazasoro (Korta Fundazioak proposatuta). Banaketa ekitaldian, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak bere hitzaldian azpimarratu duenez, “gaur gauean omentzen ditugun pertsonei esker, euskal gizartea gizarte hobea da gaur egun”.