Confebaskek LH Dualeko euskal eredua ezagutu nahi duten Asturias, Gaztela-Leon, Kantabria, Errioxa eta Nafarroako enpresa elkarteak hartu ditu

  • Confebaskeko zuzendari nagusi Eduardo Aretxagak eta euskal enpresa konfederazioko Prestakuntzako zuzendari Asier Aloriak Euskadin izandako garapenaren gakoak azaldu dituzte, Eusko Jaurlaritzako LHko sailburuorde Jorge Arevalorekin batera
bilera

Confebaskeko ordezkaritza (irudiaren eskumean, Jorge Arevalo Sailburuordarekin) eta Enpresa Elkarteko presidenteak eta ordezkariak bileran  

Goi mailako ordezkaritza batek bisitatu du Confebask, tartean egonik AsturiasGaztela-Leon, Kantabria, Errioxa eta Nafarroako enpresa elkarte nagusietako lehendakariak eta Prestakuntzako arduradunak, lehen eskutik ikusteko Lanbide Heziketa Duala Euskadin nola ezartzen ari den, eta bere arrakastaren ezaugarri nagusiak ezagutzeko.

 

LH dualaren giltzarria

Aurkezpenean, Confebaskeko zuzendari nagusi Eduardo Aretxagak enpresen, ikastetxeen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren bide luzea azpimarratu du, 25 urte baino gehiago baitaramate elkarlanean Euskadin Lanbide Heziketa ezartzeko eta hobetzeko. Elkarlan horri esker, Aretxagak gogorarazi duenez, konexio sendoa lortu da, eta egokitu egin dira euskal enpresek kualifikazioaren inguruan dituzten behar zehatzak eta Ikastetxeek eskaintzen duten prestakuntza: hau da, gure enpresen beharrei erantzuten zaie, modu malgu eta itundu batean.  

Confebaskeko zuzendari nagusiak gainerako enpresa elkarteen ordezkariei gogorarazi dienez, lankidetza publiko-pribatu horri esker, Euskadiko Lanbide Heziketa erreferentziatzat hartzen da gaur egun estatu espainolean zein Europan bertan: Europar Batzordeak “praktika onen” adibide moduan aipatu izan du hainbat aldiz.

 

LH Dual ordaindua

Confebaskeko Prestakuntza arduradun Asier Aloriak, berriz, ordezkari enpresarialei azaldu die euskal LH dualak funtsezko hainbat alderdi dituela: horien artean dago Euskal Enpresak LH Dualaren alde berariaz eta esplizituki hartu duen konpromisoa, izan ere, besteak beste, parte hartzen enpresek ikasle guztiei ordaintzen diete, enpresen kargura, bai prestakuntza kontratu baten bitartez - kasuen %75 -, bai ordaindutako beken bitartez - gainerako %25a -, indarreko legediak kontratazioaren bideari heltzea galarazten baitu, esaterako, 30 urtetik gorako ikasleen kasuan. Gaur egun, Euskadi da estatu osoko erkidego autonomo bakarra LH dualeko partaideen %100eko ordainsaria arautu duena.

 

Euskal LH Dualaren beste printzipio batzuk

Azalpenean zehar, bai Asier Aloriak bai Eduardo Aretxagak, LH dualaren euskal ereduaren beste oinarri batzuk ere azaldu dituzte: eredu propioa, gure sare produktiboaren behar zehatzetara egokituta,  malgua, adostua, indibidualizatua eta kalitatezkoa. Biek ala biek nabarmendu dute, baita ere, sektore eta tamaina guztietara zuzentzen dela. Izan ere, parte hartzen duten etxeen %80 enpresa txiki eta ertainak dira, eta ez dira bakarrik industri arlokoak.

Finean, sistema integral bat, euskal konpainiei erantzuteko pentsatua, 4 ardatzen bitartez: prestakuntza, berrikuntza aplikatua, ekintzailetza aktiboa eta nazioartekotzea.

 

Zifrak

Euskadin 2012an LH dualaren eredu berria martxan jarri zenetik, dagoeneko 4.700 ikaslek parte hartu dute 3.000 enpresa baino gehiagotan. Soilik 2017/2018 ikasturtean, ia 2.000 ikasle ari dira parte hartzen 1.100 enpresa baino gehiagotan, baita ere 100 Ikastetxe ingururen parte hartze eta laguntzarekin.

Programa hasi zenetik 5 urte igaro direlarik, 15 aldiz biderkatu da ikasle parte hartzaileen kopurua, eta 10 aldiz inplikatutako enpresen kopurua. Gaur-gaurkoz, Euskadiko LH Dualeko ikasleak urtean Euskadin graduatzen diren guztien%12 dira; baina, euskal industriara zuzenduta dagoenaren egoera zehatzean, datua jada batetik hirukoa da, %35. Laneratzeko batez besteko mailari dagokionez – sektore guztiak kontuan hartuta -, %87koa da; eta industrian ia %100ekoa dela esan daiteke. Ikasleek zein enpresek LH dualaren euskal eredua baloratzean ematen duten nota 10etik 9 baino gehiago da.

Euskaditik kanpoko enpresa elkarteei eredua aurkezteko jardunaldian parte hartu du baita ere Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok, eta euskal enpresekin eta Ikastetxeekin partekatzen den ikuspegi estrategikoaren gakoak azaldu ditu, LH dualari dagokionez.

IKUSI INFORMAZIO ETBn (TELEBERRI, 35 MINUTUAN)