Zer da Confebask?

Informazio instituzionala

Euskal Enpresarien Konfederakuntza (Confebask) euskal enpresarien interes orokor eta komunak ordezkatzen eta defendatzen dituen erakundea da, eta euskal enpresarien legezko ordezkaria da Administrazioaren, sindikatuen, profesionalen eta Euskadiko iritzi publikoaren aurrean.


Confebasken, EAEko milaka enpresa pribatu daude sartuta beren borondatez; lurralde, tamaina eta jarduera sektore guztietako enpresak. Enpresa horiek guztiak hiru erakunde kide hauen bitartez daude Confebasken bazkidetuta: Gipuzkoako Enpresarien Elkartearen bidez (ADEGI), Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren bidez (CEBEK) eta Arabako Enpresarien bidez (SEA).


Confebask, gainera, Espainiako Enpresa Erakundeen Konfederazioko kide da (CEOE), eta horren bitartez, baita Europako eta nazioarteko beste enpresa erakunde batzuetako kide ere; horien artean aipagarri: BusinessEurope europar patronala.


Confebask, berez, Sindikatuak Eratzeko Eskubidearen arauketari eta Lege horren garapenerako araudiari buruzko apirilaren 1eko 19/1977 Legearen babesean eratu zen. Confebasken sorrera eta egiten duen jarduera, libreak dira ordenamendu juridikoak enpresa erakundeentzat ezarritako esparruaren barruan. Confebasken barne egiturak eta funtzionamenduak printzipio demokratikoei eta gardentasunaren zein bazkideen parte hartzearen printzipioei jarraitzen diete.


Konfederazioari aplikatzekoa den araubide juridikoa hemendik eratortzen da:

  • Espainiako Konstituzioaren 7. artikulua.
  • 19/1977 Legea, apirilaren 1ekoa, Sindikatuak Eratzeko Eskubidearen arauketari buruzkoa.
  • 873/1977 Errege Dekretua, apirilaren 22koa, 19/1977 Legearen babesean eratutako erakundeen estatutuen gordailuari buruzkoa.
  • Langileen Estatutuaren seigarren xedapen gehigarria.
  • 1983ko martxoaren 4an onartutako eta Erregistroan gordailututako Estatutuak.
  • Ordezko gisa, 7/2007 Legea, ekainaren 22koa, Euskadiko Elkarteei buruzkoa.

Horrez gain, Confebaskeko langileek, zuzendariek eta gobernu organoetako kideek 2013ko uztailean onartutako etikaren eta gobernamendu onaren kodeari jarraitzen diote.

Xedeak eta funtzioak

Hona hemen Confebasken oinarrizko xedeak:

  • Merkatuko ekonomiaren esparruan, ekimen pribatuaren, enpresa librearen eta lehiakortasunaren sistema defendatu eta sustatzea.
  • Ondare publikoa xede, euskal enpresen interes orokor eta komunak ordezkatu eta defendatzea botere publikoen, Administrazioaren eta sektore publikoaren aurrean; baita erakunde sozial, profesional eta sindikalen aurrean ere.
  • Konfederazioko kide diren erakundeekin jardute batasun bat osatzea, herrialdearen aurrerapen ekonomiko eta sozialari laguntze aldera.
  • Enpresa etengabe hobetu eta modernizatzeko egitasmoari eustea, eta horretarako enpresaren ikusmolde integrala kontuan hartzea.
  • Enpresaren alorrean, bidezko tratuan oinarritutako harremanak bultzatzea; bereziki, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapenean.
  • Gizartean, oro har, honako balio hauen babesa sustatzea: heziketa, prestakuntza eta prestaketa intelektuala zein profesionala, enpresa ekimena, gizartearekiko konpromisoan oinarritutako garapena, eta, oro har, enpresariek ordezkatzen dituzten balioak.

Funtsezko xedeen esparruan, Confebaskek funtzio hauek betetzen ditu:

  • Konfederazioko erakundeen esku utzitako interesak –aspektu orokor eta komunak aintzat hartuz– ordezkatzea.
  • Konfederazioko kide diren erakundeen arteko eta kide horien eta Konfederazioaren arteko koordinazioa ziurtatzea.
  • Konfederazioko kide diren erakundeek behar dituzten interes komuneko zerbitzuak ezarri eta ahalbidetzea.
  Roberto Larrañaga Oyanguren, Presidente de ConfebaskRoberto Larrañaga Oyanguren,
Confebaskeko lehendakaria   
  Eduardo Aréchaga, director general de Confebask Eduardo Aréchaga,
Confebaskeko zuzendari nagusia