ETEak Euskadin, Confebasken erradiografia osatua Radio Euskadirako

  • Igande honetan Enpresa Txiki eta Ertainen nazioarteko eguna ospatu da
Pablo Martín

Pablo Martín,  Confebaskeko ekonomia arduraduna

2019-05-12

Gaur ETEen nazioarteko eguna ospatzen dela eta, Confebaskeko Ekonomiako arduradun Pablo Martinek deskribapen zehatza egin du Radio Euskadin, ETEek euskal enpresa sareari egiten dioten ekarpenari eta azken urteetan izan duten bilakaerari buruz: Euskadiko enpresa kopuru totalarekiko duten ehunekoa, okupatzen dituzten pertsonen kopurua, neurriaren arabera krisiari hobeto edo okerrago eutsi dioten, ahultasun finantzarioa, I+G+Ban inbertitzeko ahalmena edo esportatzeko intentsitatea.

Ildo horretan, elkarrizketan zehar (entzun osorik hemen), Pablo Martinek gogorarazi du 250 langile baino gutxiagoko enpresak – hori da enpresa txiki edo ertaintzat hartzeko gehienezko topea- “euskal enpresa sarearen %99” direla. Eta horietatik gehienak, %93k gutxi gorabehera, 50 langile baino gutxiago dituzte. “Europatik desberdintzen gaituena argitu du Confebaskeko Ekonomiako arduradunak – ez da enpresa txikien ehuneko hori, baizik eta enpresa ertainen - 50 baino gehiago - eta firma handien - 250 baino gehiago - artean dagoen portzentajea. Hor bai, erronka bat dugu”.

Izan ere, Confebaskek Enpresa Dimentsioari buruz argitaratzen duen buletinean zehazten denez, “zenbat eta neurri handiagoa, hainbat eta lehiakortasun handiagoa eta balio erantsiko produktuak eta zerbitzuak egiteko gaitasun handiagoa, eta hori giltzarria da gaur egun – gogorarazi du Pablo Martinek –, bizi garen hau bezain mundu globalizatuan. Hazteko erabakia hartu duten euskal enpresek esaten digutenez, erabaki hori hartzeak, arazoak ere ekarri dituen arren, askoz kokapen hobeak lortzea ahalbidetu die.  Kontua ez da haztea hazte hutsagatik, baizik eta kasu bakoitzean dagokion tamaina lortzea. Enpresa batzuek, beharbada, ez dute dimentsioa irabazi behar, baina kontua da gaiari buruzko azterketa guztiek azpimarratzen dutela, munduan lehiatzeko, tamaina garrantzitsua dela. Horregatik, inportantea da konpainiek hausnarketa lasai eta sakona egitea, behintzat, ikusteko hazteko beharra duten ala ez. Planteatzea behintzat, eta ondoren ikusiko dute merezi duen ala ez”.

Martinek gogorarazi du ‘hazteko’ hainbat formula daudela, erosketa ez dela bide bakarra. Adibidez, enpresa desberdinen arteko lankidetza, hainbat formula erabiliz; bide hori sendo ezartzen ari da euskal enpresen sarean, batez ere enpresa txiki eta ertainen artean, eta enpresa mota hori – azpimarratzen du Confebaskeko Ekonomiako arduradunak – “zaindu eta sustatu behar dugu denon artean, hainbat politikaren bitartez oraingo zein etorkizuneko lehiakortasuna bermatzeko. Funtsezkoak dira gure garapen ekonomiko eta sozialerako. Horregatik, tamaina egokiari buruzko eztabaida presente egon behar da. Eta, bide horretan, uste dugu gaur egun hazkunde hori nabarmen oztopatzen duen araudien maremagnum bat dagoela”.

Radio Euskadiko elkarrizketa osoa hemen entzun daiteke.