Azaroan pixka bat hazi da Gizarte Segurantzan inskribatutako euskal enpresen kopurua, baina oraindik iazkoa baino txikiagoa da
14-12-2017
Confebaskek argitaratu berri duen azken txostenean ikusten denez, Euskadiko enpresa sarearen bilakaera bere horretan mantentzen da. Azaroan, aurreko hilarekin alderatuta, hazkunde txiki bat gertatu da, Euskadin 107 enpresa gehiago erregistratu baitziren Gizarte Segurantzan. Aitzitik, orain dela urtebete bat –iazko azaroa– zeuden konpainien kopuruarekin alderatuta, igoerarik ez dago eta, alderantziz, pixka bat urritu dira: orduan baino 19 enpresa gutxiago daude. Gaur egun, Euskadin inskribatutako konpainiak guztira 59.028 dira. Geldialdi horrek agerian uzten du krisian bizi izandakoaren gogortasuna, eta euskal ekonomiak aurreko urteetan galdutako enpresa sarea berreskuratzeko dituen zailtasunak.